2005-12-19

EEES edo Europaren akatsa

Azken egunotan ez dot idatzi mendialdean ibili nazelako. Mendialdean baina ez mendian. Ez dot ibilbide handirik egin, ezta txori-kanturik entzun. Colmenarejon egon naz, gure Unibertsitateak Madrileko mendialdean duen hirugarren kanpus ezezagun horretan. Zerua -ozkarbi- ez dogu ia ia ikusi, batzar gelako leihoetan gortinek sarrera debekatzen eutsielako eguzkiari. Akaso jantokian, han bai, han kristalezko leiho handiak egozan.
Azken hiru egunetan, ikasleen arduradun nagusiak batu egin gara han, momentuko egoera aztertzeko eta aurtengo lan norabidea ezartzeko. Errektorea eta fakultate ezberdinetako dekanoak izan doguz han, hainbat erretoreordezko eta idazkari nagusi bera ere. Beti handik goitik dauzenak, behera inoz gitxitan agertzen direnak. Han egon dira, gorbata barik, mendira eroaten daben jertseaz, gure altura berdineko aulkietan jesarrita eta gure galderei erantzuten, gure iritzia, ikasleena, entzuten.
Gai guztien artean, zalantza barik adieraz daiteke Bolonia izan dala -eta izango da- gehien kezkatzen gaituena. Zorionez unibertsitatetik barrurako gaiak nahiko ondo dabiltza, eta horretan aurrera egin behar bada ere, askoz ere zorigaitzekoagoa da orain EEES (Espacio Europeo de Educación Superior) gaia.
Fakultate guztietako ordezkariak -injeniruetatik hasi eta kazetarietaraino- zalantza asko adierazi dabez. Lar. Zalantza mordo horretatik lehen ondorio argi bat atara dogu han ibili garenok: informazio eskasa dagoela, eta dagoena txarra dala. Eta orduan heldu da txarrena.
Errektorearekin hizketan jatorduan, kexkatuta zebilen ikasle hau, larritu egin da. Asko. Asmakizun oso baliagarri bezala saltzen deuskuen EEES dalakoa, ez da existitzen. Ideiaren fundamentua oso oso ona da, Europa barruan mugimendua asko erraztuko ebalako, eta bere helburua globalizazio ekonomikoa bada ere, nik naahiago dot giza eta kultura aberastasunaren aldetik ikustea. Arazoa ez da ideiarena, arazoa, zoritxarrez, pragmatikoa da.
Sistema barri hau 2010erako prest egon behar da, baina ministeritzatik ondino ez da bide zehatz bat ezarri. Ministeritza, ondino, ez dabe erabaki ze gradu egongo diren. Teorikoki graduak ikasketen orokortzera jotzen badabe, jakin izan dogu orain Injenieritza aeronautikoa dana, bi gradu ezberdinetan banatzeko asmoak daukiezela. Eta holan plan guztiarekin. Inkoherentzien katea.
Politikoentzat aldaketa handiegia da hau, eta ez dakie zelan zuzendu. Unibertsitateetatik lanean dabiltza zentzuzko zeozer antolatzen, baina ondo dakie 2007an ministeritzak bide bat adierazi beharko dauala nahitaez eta orduan aurretik egindako lana zakarrontzira joango dala atoan. Errektoreari igarri neutsan nekea, etsipena. bere hitza bakoitzarekin eskapa egiten zan politikoenganako ulertuezina. Bera politiko ohia bada ere, beste garai batekoa da, beste joko-arau batzuk bizi izan dauz. Labur esanda, potroetaraino dau ministeritzako tipo eta politikoetaz.

Eta zer esan behar dogu ikasleok honetan? Politikoen hitzetan, Boloniako deklarazio famatuaren hitzetan, ikaslea hezkuntza sistemarn erdigune bihurtuko da. Izan daitela horrela. Ikasleko orain aukera paregabea dogu. EEESa ez dogu geldituko -gure aldetik burugabekeri handia litzateke-. Ikasleok egin behar doguna ministeritzaren bulego guztietan egotea da, errektoreei estutu eta unibertsitatetik bertatik gure iritzia eta indarra sortzen dan arau orotan sartu behar dogu. EEESaren planteamendua ona da, baina gure esku dago bide zuzenean mantentzea eta aukera historiko hau joaten ez iztea.

0 Comments:

Post a Comment

Links to this post:

Create a Link

<< Home