2006-10-10

tiktak

tiktak

2006-09-03

Puntu eta aparte

Lehen saiakera hau aberasgarria izan da, duda barik, eta etorkizunerako eskola paregabea.

Hontxe hurrengo pausuaren momentua da: bilatzekotan arin aurkituko dozue etxe barria.
Este primer intento ha sido enriquecedor, sin duda, y una gran escuela para el futuro. Zuen hitzak han dagoz jada, ezer ez dalako galtzen.

Aio!

2006-05-06

Udabarriko kontuak

Hanpatuta dabiltza gazteak. Ator barriak, kolore bizietakoak, eta denbora luzean -gomina hatzamarretan- orraztutako uleak. Alkohol usaina irribarren erpinetatik at darie, goiz da ondino, garagardo parea, izkinako botigan erositako vodka merkerik apika.


Mailadiak irentsi egiten dauz, jantokian barna eroanez. Badoaz. Argi laranjak begien kontra leher, musika bihotzeraino, hanketara, ahora. Erritmoa hartu, bam, bam,bam, bam, badoaz.

* * *

Neska lirain bati eskatzen deutso ron-kola. “Tio no mezcles, que es malo” lagunak, barreka. Pi pi pi titititiri, pipipi pipi titititiri.... Neskak botilan lotzen dau begirada - “sabes que, que no ha sido capaz de mirarte a los ojos, así que algo...”- eta Coca Colaz blai eginda isiltzen dabez biok izerdi nahiak. Beti errepikatzen dabe jolas bardina, umeak dira, gara, no problem. Tuturu tu tutu tututururu...

* * *

Goizaldean, badoa, eskaileretan gora, jantokiak botaka egiten dau, gazteak logeletara, egunsentia bakardean, biluzik ikusi nahi dau kristalezko bitxoak. Ganbarara sartu eta ohearen parean daukan egutegian, maiatzeko lehen egunak ilunduta dagoz. Azaroa, txoriena litzatekean jolas honi hasiera emondako garaia, zakarrean itotako egutegian dago. Beste egutegi baten: argazki ezberdinak, esperantzaren partez oroitzapenak.

Urrunean entzuten dan musikaren -tiritiriii- azken hasperenaz, etzundu egiten da. Akaso, azkenean, hainbeste joatearren, ez da helduko.

2006-05-05

Bosniako turistak

"Oso pozik gaude beraiekin. Ez dira batere zalapartatsuak, eta diru asko darabilte, edozein turistak bezala". Aleman traketsa erabiliz dioz hitz horiek, Stuttgart-eko manufaktura-katean lanean ibilitako hiru urteetan ikasi eta denboraren joan-etorriaz trakestua.

Andrak bere irrifarre plastikoa darabil, ostatuko bezero guztientza berdina, puntu eta jarraitzat. "Gainera, batzutan euren emazteekin datoz. Hemen egiten dute lo, zuek zabiltzaten tokian." Barre egiten du, eskumako besoaz gure gainean den pisuari seinalatuz. Guda ostean guztiz berreraikitako eraikin bateko 2. eta 3. solairuak hartzen dituen ostatu bateko ugazaba da. Lehenengo solairua famili-etxea da, duela hainbat hamarkada Mostar inguruko herrietatik etorriko senarra eta biak bizitzeko darabiltena. Portzelana eta plastikozko Ama Birjin eta mota guztietako oihalez apaindutako salan telebista panoramiko handia dago, pay-per-view partiduak ikusteko futbolzaleak biltzen diren tabernen antzekoa. Soinua kenduta, Hegoamerikako telenobela iger daiteke, bosnieraz idazpetua.

"Datozen egunetan ikusiko duzue. Gaur egun ez dira asko gelditzen, baina hiritik pasioan ikusiko dituzue, ziur". Zenbat soldadu gelditzen diren galdetzen dugu. Bidaiatzen gabiltzan hiru lagunok zifra berdintsuak genituen buruan, erantzuna entzun orduko gure begiraden arabera. "Esan nizun gutxi daudela ba, 2.000 edo". 100.000 biztanleetara heltzen ez den hiri baten, bere polizia propioa eta nazioko ejerzitoaren taldeak dituena, 2.000 soldadu atzerritar.

Guda garaian, UNPROFOR, hasieran Kroaziara zuzendutako Nazio Batuen bake-taldea, Bosnia - Herzegovinara zabaldu zuen lan-eskualdea. Geroago, behin Dayotneko hitzarmenak 1995eko azaroan sinaturik, OTANek hartu zuen lekua, eta 2004ean, aurrez aurretik antolatutako egutegiaren arabera, Europar Batasunak bere tropak bialdu zituen erakunde atlantikokoen partez.

Lehen egunean todoterrenoetako matrikuletan margoturiko banderak, alkondaretako sorbaldek, laguntzen ziguten gure alboan zeudenek frantzes, alemaniar, italiar edo espainiar ziren ezberdintzeko orduan. Baina ikusmena ohituz doa. Alemaniarrak sotilenak dira, zaila da ezberdintzen dituen gakorik aurkitzea. Espainiako tropek Espainiako banderatxoak daramatzate autoetn izkinaren batean, eta arinago gidatzen dute, fidatuta edo. Italiarrak ezberdintzea erraza da: goikalde txuriko auto urdinak, beti hainbat ibilgailuetako taldeetan, bi edo hiru pertsona daramatzaten furgonetak. Joku paisajistiko lazgarria bi egunetan bereganatzen da, laugarrenean aspergarri bihurtu, ostera; ulerterraza da hamabost urteko egonaldiaren osteko axolagabetasuna.

Edonola ere, Mostarretik soldadu-turistarik ikusi barik joan ginen. Hirian geldituta ikusi genituen urriak -egoitzak 10 bat kilometrotara daude- lasai ibiltzen ziren, aparkalekua zaintzen duen tipoari ordaintzen zioten. Baina ez ziren turistak. Uniformea, botak, etengabeko mugimenduak, muga zeharkaezina marrazten zuten.


Egun pare beranduago, Sarajevon, Europar Batasuneko bandera duen autobus txuria gelditu egiten zan Liburutegi Nazionalaren aurrean, Stari Grad -hiriaren alde zaharra- bihotzean. Barnetik, alai eta pozik, ezker sorbaldan alemaniar bandera zeramaten berrogei bat gizon irtetzen ziren. Asko, gehienak, lehen tabernara doaz arineketan eta Ozjusko bat, kroaziar garagardoa, eskatzen dute. Txantxetan eta erretzen dabiltza. Zaharrago ematen duten hiru soldadu, maila altuagoko ofizialak -txanoek salatzen dituzte- erreka paretik doaz. Lehen zubiaren parean gelditu eta posizio egokia bilatzen dute. Zuzendu, eta desarratu egiten dute -klak!-.

Flasha agertzen da, argazki kamera hondatuta egon behar du nahitaez. Armarik ez eskutartean.

Kroazia, arriskuan dagoan bitxia

Italiatik Esloveniarako bidean bidaiariak suma dezakeen aldaketa bakarra muga-postuak eta basoak dira, mugaren ekialdera ez baitituzte oraindik basoak akatu garapenaren izenean. Etxeen kolore horixkak, geltokiek, eguzkiak, amaigabeko marroi eta orlegi apaletara bihurtzen dira. Apirilaren hasieran desagertzeke dauden izotz-puskak han hemenka. Besterik ez. Leiho berdinak, autobus berdinak, trafiko-seinale berrriren bat. Kroazian, beste hainbeste. Itsasoa bere, bere nortasunarekin hainbat herriren izatea definitu duena, berdin-berdina da mugaren alde batera eta bestera.

Kroazia eta Eslovenia ezberdintzen dituen egite bakarra Kroazia oraindik Europar Batasunaren barne ez dagoela da, Esloveniaren aldez. Kroazian sentimendu abertzalea nagusi da, herri-heroi barriak ditu, sinbolo anitz eta auzokideekinganako lehiak ezagunak dira, eta halere, kroaziar gazteriak eta hezkuntza zabaleko pertsonek onartzen duten bezala, euren mugakideekin zuka ibili behar dira, berdintasunean: hamaika guda eta lazeria igaro dituzte elkarrekin. Iragana perspektiban behatu eta zauria uzteko bide bakarra da; oroimenerako beste edozein hurbilketa mingarri litzateke, zentsugabekoa, etengabean azalean hazkura sentitzeko zarakar txikiak behin eta berriro ateratzea lez.


Edozelan ere, Kroazioak badu Europar Batasunean sartzeko orduan mesfindantzarik. Buruzagi politikoak erabat konbenzituta badaude ere, gizartearen iritzia oro har mesfidati edo kontrakoa da, eta Europa eurena den guztia, hainbeste hildako kostatu zitzaien kontrola galduko duten kontextu lez ikusten dute. Izatez, bada uste sendo bat Kroazian, Ante Gotovina - Auzitegi Internazionalak epe luzean bilatutakoa eta duela hilabete gutxi Tenerifen atxilotutako militarra - erdiguen duena: hura izango dala Europar Batasunak Kroaziari Batasunean sar dadin erabiliko duen presio-puntua. Dubrovnik-en, hormetako margo guztiek herriko "izar"miresten dituzte: Torcida, hiriko futbol taldea, eta Ante Gotovina bera. Herri nortasuna finkatu behar duten eskualdeetan, idolo-beharrizana agerian da beti.

Kroazia EBan sartzeak ekar litzakeen ondoro ekonomikoetaz aparte, hura izango lukeen eraginari buruzko kezka eguneroko gaia da. Kroazia, Adriatikoko paradisu, mila uharteren kostalde eta itsasora eskegita dauden herrien gordeleku, tximinia altu, jeneru-kamioi, autobidez betetako txoko... eta sare indsutrial handi batek nahitaez erantsita daramatzan elementu guztien beldur da. Batazbesteko soldata Europakoaren azpitik -600 euro- duela, badakite zabalik dagoen merkatu baten eskulan merkearen bila dabiltzanen enpresarien harrapakin litzatekeela badakite. Eta Kroaziarrak, betidanik euren itxaropena turismoan, garapen pausatuan, izan dutenak, nahasita sentitzen dira burrumba hau dela eta.


Euren iritzia bi planutan dabil kolokan: bizi duten lurrarenganako amodioak itsasora jaisten diren pinu berdeak, zeharkaezineko txokoak... berezkoaren enkantua azken finean, ikusten jarraitu nahi du, baina logika matematikoak sentimendu berekoia pizten dau: larritu gabe gaileta goxo horrek, itsasaldeko lursaila, auto berri bat erosi ahal izatea... BEgiak utzi eta kostaldea urbanizazioz gainezka, fabrikak barrukaldean, turismo errazena Aste Santuan... imajinatzen dute, eta horrek izutu egiten ditu, euren arazoak Hamburg-en jaiotako burokrata batek Bruselasen ezatabaidatzeak izutzen dituen bezala. Baina begiak zabaldu eta patrika hutsen pisua sentitzen dabe, eta dagoeneko ez dakie begiak zabaldu edo ez, eta hasperen egiteko indarrik ere eskapa zaie.

2006-04-01

...

Elkarrizketa Pérez Reverterekin


(parentesia londresekiko)

Duela aste parea, irtetzeko gogorik ez baina lo egitekorik ez dauen gau horretako batean, derrepentean aurktu neban TVEk ezustean berpiztutako saio bat: El Loco de la Colina. Aurkezleari, Jesus Quintero handiari, gustura igertzen zitzaion aurrez aurre zeukanarekin: Arturo Pérez Reverte. Begir
une handirik ez dut berarengan, baina dudarik gabe arintasin eta hitzegiteko orduan argitasun oso handiko tipoa.

- “Los mecanismos para llegar al poder tienen ciertos filtros que impiden a los honrados llegar al mismo”.
- “Creemos que todo tiene solución, pero a veces no la hay.”
- “Mientras haya desesperación (...) el terrorismo seguirá existiendo.”

Hor daukazuez hiru lerroak, danon gozamenerako. Honi buruzko hitzak, beti bezala, gustura onrtuak izango dira.

NOTA: Berez gaztelaniaz idatzitako sarrera.